Aurtengo ikasturtea COVID-19ak ekarri duen osasun-larrialdiak baldintzatu du. Datorren ikasturtea ere baldintza dezakeela kontutan hartu beharra dago. Osasuna eta zaintza lehentasuna izanik guretzako, ahal ditugun ekimenak aurrera eramateko konpromezua hartzen dugu.

  • BERDINTASUNA: Sakanako Berdintasun Zerbitzuarekin elkarlanean Berdintasun Batzordea osatu, liburutegian txoko feminista antolatu eta egun seinalatuetan gure ekarpena egin dugu. Ohikoak diren dinamikez gain, aurtengo asmo nagusiak hauek izango dira: Sakanako Berdintasunerako Plana aurkeztu eta Udalaren webgunean zintzilikatu. Sakanako Berdintasun Batzordean parte hartu, eta bertatik planteatzen diren ekimenak garatu. Indarkeria matxistaren aurrean erantzun instituzionala emateko protokoloa berritu. Herriko emakumeentzako ikastaro bat antolatu.
  • GIZARTE-GAIAK: Gaztetxokoa, Ludoteka eta Jubiloteka martxan jarri ditugu. Alokairu sozialeko etxebizitzen inguruko eskaera neurtzeko inkesta egin eta ibilbide bat egin dugu JAMSAR eta NASUVINSArekin alokairu sozialeko 5 etxebizitza izan ditzagun herrian. Hurrengo ikasturteari begira, Ludoteka, Gaztetxoko eta Jubilotekaren dinamikaren garapena bultzatu eta jarraipena egin. Aniztasunaren alorrean, lanketa oso bat egin nahi dugu: harrera-plana egin, urtero etorritakoei ongi etorri ofiziala egin eta trebakuntza eman udal-langileei. Etxebizitzaren gaia lantzen jarraitu, alokairu soziala bultzatzeko aukerak aztertu, etxebizitza hutsen inguruko sentsibilizazioa landu… Azkenik esan zaintza sarea behar den guztietan antolatu eta aktibatzeko borondatea dugula.
  • KULTURA-FESTAK: Aurten pentsatuta zegoen egitaraua ezin izan da garatu osasun-larrialdia dela eta. Horren ordez, uztaila-iraila bitartean ekimen ezberdinak antolatu ditugu osasun-neurriak errespetatuz eta balorazio positiboa egin dugu. Datorren ikasturterako ere ekimen ezberdinak pentsatuta ditugu: bideo-proiekzioak, musika-emanaldiak, monologoak, argazki zaharren erakusketa, egutegia, memoria historikoaren lanketa…. Baina hau dena osasun-egoeraren arabera garatu beharko dugu.
  • INGURUNEA: Mezeengo bordan teilatua egin da, lurrean baldosa eta 12 lagunentzako literak jarri dira. Borden ibilbidea berriz homologatuko dugu, horretarako behar diren mantenu-lanak eginda. Basoko plana betetzen joan gara; lotea enkantean atera zen, baina hutsik gelditu zenez, udaberrian berriz aterako dugu. Basoan dauden itxitura zaharrak ere kentzen joan gara. Datorren ikasturterako baratz komunitarioen inguruko inkesta bat eginen dugu, eskaera baloratzeko eta eman daitezkeen pausoak baloratzeko. Azkenik, Leziza ubeldearen egoeraz kezkatuta gaude, herriaren goialdean dagoen enpresak egiten dituen ustezko isurketak direla eta. Udaletik datuak eta dokumentazio grafikoa ere bildu dugu behar den salaketa jarriz. Bide administratibo- judiziala ekiteko zorian dago gaia.
  • KIROLA: Polikiroldegiko martxari jarraipena egin eta hobekuntzak egiteko plana egin eta betetzen joan gara. Datorren ikasturteari begira, Olatzea parean jarriko den adinekoentzako ariketa fisiko osasuntsua egiteko zirkuitoa nola erabili azaltzeko ikastarotxoa emanen da bertan. Gune honen ondoan beste zirkuito gimnastiko bat jarriko da herritar ororentzat. Emakumeak polikiroldegian jarrita dauden aparatuak erabiltzera animatzeko, ikastarotxoa emanen da. Duatloiaren data ere jarrita dago; ea osasun-egoerak egiten uzten digun.
  • EUSKARA: UEMArekin batera udal-funtzionamendurako plana egin da, herritarrak euskalduntzeko dirulaguntzak kudeatu dira eta Mank-eko euskara batzordearekin koordinatuta aritu gara ekimen ezberdinetan (Udan euskaraz, Pandemiaren inguruko oharrak euskaraz jartzeko gonbitea egiten,…). Datorren ikasturterako UEMAk markatutako dinamikak garatu, Mankeko batzordearen ekimenak aurrera eraman, eta euskalgintzak orokorrean martxan jartzen dituen iniziatibak babestea dagokigu (Euskaraldia kasu).
  • PARTE-HARTZE ETA KOMUNIKAZIOA: Komunikazioari dagokionez, webguneari buelta txiki bat eman genion edukia eguneratuz eta Udal Komunikazioen dinamika jarri dugu martxan, herritarrek ahalik eta informazio puntualena izateko asmoz. Datorren ikasturteari begira, webguneari beste buelta bat eman nahi diogu, ordenatu eta erabilera errazteko, twitter kontuari ere zuku gehiago ateratzea ondo legoke… PARTE-HARTZEARI dagokionez, markatutako helburu nagusia burutu dugu: PARTE HARTU eta ERABAKITZEKO prozesuak herritarrok ireki ahal izateko, araudia onartuta dago. Datorren ikasturterako helburu nagusia, ahaldundutako herritarrok erabakitzeko prozesu bat burutzea litzake asmoa. Hau da, teoria praktikan bihurtu, araudia praktikan jarri. Udalak, horretan espezializatuta dagoen enpresa bat kontratatuko du, eskola zaharrarekin zer egin nahi dugun erabakitzeko. Horrez gain, urtean zehar sor daitezkeen balizko egiturazko erabakiak modu konpartituan hartzeko konpromisua-protokoloa gauzatu.
  • HIRIGINTZA: 
    • KALE NAGUSIKO OBRAK bukatu dira: Hasierako aurrekontua 700.000€ ingurukoa izatetik, 1.100.000€-ko zertifikazioa pasatu digu enpresak. Gure aldetik ez dugu justifikaziorik ikusten halako igoera arrazoitzeko, eta gure esku dagoen dena eginen dugu halako dirutzarik ez xahutzeko. Beraz, pentsatzekoa da epaitegietan bukatuko dugula.
    • LED ARGITERIA: Aurten abiatutako prozesua izan, da eta hurrengo ikasturte honetan burutuko dugu. Kale Nagusiarekin hasiko gara eta pausoz pauso eginen dugu.
    • AGOONIA enkantera ateratzeko prozesu administratiboa martxan jarrita daukagu.
    • KATASTROAren balorazioa eguneratzea tokatzen da 2020an. Gure aldetik egin beharreko lanak eginda daude. Nafar Gobernuak egin beharreko azken tramitea falta da.
    • ETXEBIZITZA zaharrak berritzeko kostuaren %45eko dirulaguntzak jaso ahal izateko Plan Espezifiko bat egin behar da. Plan hori egiteko asmoa daukagu alde zaharra biziberritzen laguntzeko.
    • PLAZAN ESTALPEA egiteko eskariak jasotzen ari gara herritar batzuen aldetik. Printzipioz ideia ona iruditzen zaigu, eta aukera ezberdinak egon daitezke, baita sistemak ere. Informazioa eta aukera ezberdinen proposamenak biltzen ari gara. Azpiegitura finko batez ari garenez, herritarron gehiengoaren iritzian oinarrituta hartzeko erabakia dela deritzogu. Beraz, gai honekin ere, parte hartze-erabakitzeko prozedura bat garatzeko asmoa daukagu.
  • PLANTILLA ORGANIKOA:
    • Garbitasunerako eta liburutegi-kultura zereginetarako bi plaza finko ateratzea nahi ditugu.

INFORMAZIO GEHIAGO NAHI BADUZU, IRADOKIZUNAK EGIN, EKARPENA ZEIN KRITIKAK, idatz dezakezu partehartzea@arbizu.eus helbidera eta Udal Taldeak aztertu ondoren, zuzenean erantzungo dizugu.