Larunbatean, eguerdiko 12:00ean, herriko ahozko ondarearen bilduma aurkeztuko da Arbizuko Udaletxean, Labrit Ondarea enpresa espezializatuak egindako lana.
Datorren larunbatean, martxoaren 18an, Arbizuko Udalak herriko ahozko ondarea bildu eta babesteko 2022ko udazkenean Labrit Ondarea enpresa espezializatuak egindako lanaren ikus-entzunezko lagina aurkeztuko du.
Proiektuaren oinarria XX. mendearen lehen erdian jaiotako zortzi arbizuarri egindako elkarrizketak dira. Historian horrenbesteko aldaketak bizi izan dituen belaunaldi honek bere bizipenak gogoratu eta eskaini ditu, ohiturak, tokiko hiztegia, jaiak edo bizimoduak babesteko.
“Lizarren hostoak sikatu eta ahuntzak elikatzeko erabiltzen genituen”, gogoratzen du Jesus Mari Maizak. Ana Mari Uncillak, aldiz, apaizak parrokiako zinea sortu zuela gogoratzen du eta, hark pelikulak mozten zituen arren, Etxarriko pelikulek zentsura gutxiago pairatzen zutela. “Bonbolontena, nere laztana, ez egin lorik basuan. Aitzarizkoak eamango zaitu erbia zeralakuan. Loo. Loo. Loo” garaiko sehaska-kanta kantatzen du Blanca Nieves Aldasorok.
“Kultura-genoma” berreskuratzea
Larunbatean Udaletxean, eguerdiko 12: 00etan, protagonisten oroimena jasotzen duen elkarrizketa bakoitzaren lagin bat ikusi ahalko da: Jesus Mari Maiza Lacunza, Mari Paz Barandiaran Razkin, Patxi Leiza Berastegi, Mari Carmen Arbizu, Blanca Nieves Aldasoro Flores, Maria Pilar Arbizu, Pello Lopez De Sabando, Ana Mari Uncilla Araña.
Ekitaldian izango dira Francisco Javier Razquin Flores herriko alkatea, Alfredo Asiain Nafarroako Ondare Immaterialaren Artxiboko zuzendaria eta Abel Castillo Labrit Ondareko bildumaren arduraduna.
Proiektua, Nafarroako Ondare Immaterialaren Artxiboan kokatuta, XX. mendeko Nafarroako gizarte tradizionalaren memoria eta testigantzak lehenbailehen biltzea du helburuetako bat, horietako asko oso adineko pertsonak baitira. Abel Castillok azaldu duenez, “ondare hau oso aberasgarria da, herrietako kultur genomaren antzekoa, horregatik babestu eta hurrengo belaunaldiei transmititzea funtsezkoa da”.