Arbizuko Udalak deialdia argitaratu du, 2018ko festetako kartel lehiaketarako. Ohi bezala, lehiaketak bi modalitate ditu, helduena eta haurrena. Lanak aurkezteko epea ekainaren 12an (asteartea) bukatuko da, 14:00etan. Hona hemen oinarriak:

Helduen modalitaterako oinarriak

Arbizuko festekin zerikusia duten gaietara egokituko da lehiaketa. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru lan aurkeztu ahal izango ditu.

Lehiakideek Arbizuko Udaletxeko idazkaritzan aurkeztuko dituzte lanak, bulego orduetan, astelehenetik ostiralera, eta liburutegian, arratsaldez. Kartelak aurkezteko epea luzaezina izanen da eta 2018ko ekainaren 12an (asteartea) bukatuko da, 14:00etan.

Kartelak egilearen sinadura gabe aurkeztuko dira eta bakoitzak aukeratuko duen lelo batekin. Lelo hori atzealdean idatzi, eta kartazal itxi bat ere erantsiko dute. Kartazalaren kanpoaldean lelo bera jarriko dute eta barnean, egilearen datuak (izen-abizenak, herria, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta NANaren kopia).

Lanen neurria DIN-A3 izango da.

Lanek testu hau agertu beharko dute derrigorrez: ARBIZUKO SAN JUANAK 2018 EKAINAREN 23tik 29ra – Kanpoan geratuko dira baldintza hori betetzen ez duten kartelak.

Teknika librea izanen da, eta lanak lehenago argitaratu gabeak izan beharko dira.

Arbizuko zinegotziek osatuko dute epaimahaia.

Epaimahaiak lehen sari bakarra emanen du, 120 eurokoa.

Saritu gabeko kartelak egileen esku izanen dira uztailaren 31tik aurrera, liburutegian.

Parte hartzen duten lehiakideek oinarri guztiak eta osorik onartzen dituzte.

Haurren modalitaterako oinarriak

Neurri estandarreko kartulina izanen da euskarria, 50 X 60 cm-koa. Nahi bezalako materialak erabiliko dira eta lehenago argitaratu gabeko lanak.

Gaia Arbizuko festei buruzkoa izanen da.

Kartelean testu hau idatzi beharko da derrigorrez: “ARBIZUKO SAN JUANAK 2018 EKAINAREN 23tik 29ra”. Kanpoan geratuko dira baldintza hori betetzen ez duten kartelak.

Lan bakoitzarekin batera, kartazal bat aurkeztuko da, kartulinari atzetik itsatsita, eta kartazal barruan datu hauek: izen-abizenak, adina, helbidea, telefonoa, ikastetxea eta ikasmaila.

2017-2018 ikasturtean Lehen Hezkuntzan eta DBHko 1. eta 2. mailan ari diren eta Arbizun erroldatuta dauden haur guztiek parte har dezakete lehiaketa honetan.

Kartelak Arbizuko Udalaren idazkaritzan eta liburutegian aurkeztuko dira, eta aurkezteko epea luzaezina izanen da, eta 2018ko ekainaren 12ean (asteartea) bukatuko da, 14:00etan.

Sari bakarra izanen da, margotzeko material sorta bat.

Arbizuko zinegotziek osatuko dute epaimahaia.

Lehiaketaren irabazlea den kartela festetako programan agertuko da eta Udalaren jabetzara pasako da.