Azaroaren 25a emakumeen kontra burutzen den indarkeria-mota oro guztiz onartezina dela esateko eguna da. Indarkeria sexista emakumeek eta gizonek bizi duten desberdintasun-egoeraren adierazpen bortitzena da. Eta, era berean, emakume eta gizonen arteko botere-harremanak bere horretan mantentzeko ezinbesteko tresna da.

Baina azaroaren 25a emakumeenganako indarkeria oro baztertzen dugula ez ezik, indarkeria hori eragiten duten agente oro (komunikabideak, publizitate sexista, epaitegiak, hezkuntza-sistema, lan merkatua…) ere baztertzen dugula ozen aldarrikatzeko eguna da, nahikoa dela esaten jarraitzeko eguna da.

Salbuespen-egoera batean bizi gara, non osasun-egoerak foku guztiak bereganatu dituen eta gure bizimoduan eragin handia izan den. Egoera ahulenean dauden pertsonak bereziki kaltetuak izan dira, horien artean indarkeria matxistaren biktimak.

Euskal Herrian dagoeneko erail dituzten 4 emakumeak gogora ekarri nahi ditugu, eta adierazi nahi dugu indarkeriaren adierazpide guztien aurka eta jendarte feministaren alde lanean jarraitzeko hartutako konpromisoa berresten dugula.

Honenbestez, arbizuar guztiei dei egin nahi diegu azaroaren 25ean iluntzeko 6:30ean Arbizuko mugimendu feministak antolatu duen kontzentrazioan parte hartzera. Horrez gain, ezinbestekoa da egunerokotasunean indarkeria sexistaren kontrako jarrera adieraztea eta jendarte parekideago bat eraikitzeko lanean murgiltzea. Gure herrian ez dugu ez bakerik ez normalizaziorik izango emakume izate hutsagatik emakumeak hiltzen eta erasotzen jarraitzen den bitartean.

 

Arbizun, 20120o azaroaren 20an