Azaroaren 25a emakumeen kontra burutzen den indarkeria mota oro guztiz onartezina dela esateko eguna da. Indarkeria sexista emakumeek eta gizonek bizi duten desberdintasun-egoeraren adierazpen bortitzena da. Indarkeria mota hau egiturazkoa da, indarkeria honen muinean ordena soziala bera dago, alegia, indarkeria-mota hau sostengatu, sustatu, babestu eta ahalbidetzen duen sistema oso bat. Honenbestez, emakume eta gizonen arteko botere-harremanak bere horretan mantentzeko ezinbesteko tresna da.

Baina azaroaren 25a emakumeenganako indarkeria oro baztertzen dugula ez ezik, indarkeria hori eragiten duten agente oro (komunikabideak, publizitate sexista, epaitegiak, hezkuntza-sistema, lan merkatua…) ere baztertzen dugula ozen aldarrikatzeko eguna da, nahikoa dela esaten jarraitzeko eguna da.

Euskal Herrian dagoeneko erail dituzten 4 emakumeak gogora ekarri nahi ditugu, eta adierazi nahi dugu indarkeriaren adierazpide guztien aurka eta gizarte berdinzaleago baten alde lanean jarraitzeko hartutako konpromisoa berresten dugula.

Honenbestez, arbizuar guztiei dei egin nahi diegu azaroaren 25ean iluntzeko 7etan Altsasuko mugimendu feministak antolatu duen manifestazioan parte hartzera. Horrez gain, ezinbestekoa daegunerokotasunean indarkeria sexistaren kontrako jarrera adieraztea eta jendarte parekideago bat eraikitzeko lanean murgiltzea. Gure herrian ez dugu ez bakerik ez normalizaziorik izango emakume izate hutsagatik emakumeak hiltzen eta erasotzen jarraitzen den bitartean.

Arbizun, 2019ko azaroaren 22an