EUSK_Naf_Gob

(Klikatu kartela ikusteko)

BERDINTASUN ZERBITZUA

 

Bizitzak erdigunera

Testuinguruaren irakurketa

Covid-19aren krisiak agerian utzi du berriz ere mugimendu feministek eta berdintasun politikek aspalditik nabarmendu dugun zerbait: zaintza-lanen krisi itzela bizi dugu; bizitzak ez daude erdigunean.

Etxeko eta zaintzako lanen banaketa oraindik ere ez da bidezkoa, ez dago benetako erantzunkidetasunik. Pandemiak eragindako egoera berri hauei gehitu behar zaizkie lehendik dauden eta ibilbide luzea duten genero-desberdinkeriak. Gaur egungo egoerak sexuaren araberako lan-banaketa eta genero-estereotipoak indartu ditu, emakumeek hartzen baitituzte bere gain gehienetan haur, mendeko, zahar eta gaixoen zaintza-lanak, zaintza-emozionalarekin lotutakoak, zaintza-lan materialak eta abar. Lan horiek doan egiten dituzte familiaren esparruan, eta soldatapean izatekotan, lan-baldintza oso prekarioetan eta lan- eta gizarte-eskubide gutxirekin. Eta, hala ere, gure gizarteak ongi funtzionatzeko funtsezkoak dira.

Krisi honek feminizatutako lanbide horiei balio handiagoa ematearen garrantzia azaleratu du, lotuta baitaude bestelako diskriminazio-iturriekin, besteak beste, arraza, klase sozial edo adinarekin. Oraindik ere lan horiek bigarren mailakotzat jotzen dira, bizitzari eusteko funtsezko euskarri izan arren. Zaintza-zerbitzuak esparru publikoan nahiz osasun arloan, zaintzaileak zahar-egoitzetan eta etxez etxe, garbiketaren sektorea, supermerkatuetako langileak, gizarte zerbitzuak, hezkuntza… Lanbide horiek guztiek erakutsi dute funtsezko esparruak direla oinarrizko eta ezinbesteko premiak asetzeko “bizitzek bizirik jarraituko badute”.

Krisiak ez dira lagungarriak izaten desberdinkeriak murrizteko; aitzitik, ikusgarriago egiten dituzte, eta, askotan, areagotu egiten dituzte. Baina aldatzeko aukera ere badira, berritzeko eta gizarte hobea eraikitzeko, indartsuagoa, erresilientea eta berdinzalea. Bizi-krisi eta krisi soziosanitario honek are ageriago utzi du bizi-eredua aldatu behar dugula, bizi-baldintzen apaltzera baikaramatza, bereziki emakumeen baldintzen apaltzera; eredu “biozida” da, non bizitzak ez diren lehentasuna.

Horregatik guztiagatik, pertsona guztien arteko erantzunkidetasuna azpimarratu nahi dugu, emakumeek lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak egin ez ditzaten zaintza-lanak eta etxeetako bizitza sostengatzearen ardura bere gain hartzeagatik. Sexuaren araberako lan-banaketarekin amaitu behar da, eta aurrera egin ordaindu gabeko lanen antolaketa bidezkoa lortzeko, zereginak eta zaintza-lanak modu eraginkorrean banatuz.

Denbora mugatua da, eta pertsona guztiek gozatu behar dute modu parekidean; hau da, ez dadila gertatu batzuek denbora pertsonala izatea beste batzuen lanaren kontura. Beharrezkoa da familien, enpresen eta Estatuaren arteko erantzunkidetasuna ere egotea zaintza-lanen esparruak dakartzan alderdi guztiez arduratzean (zaintza-lanek eragiten dituzten beharrak artatzeko kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak, enpresen kontziliazio-politikak eta lan-banaketa familietako kideen artean, pertsona bakoitzak ahal duen neurrian).

Beharrezkoa da agerian uztea emakumeek pandemia honetan duten garrantzia, haren ondorioei erantzuteko lehen lerroan baitaude, eta, alabaina, aitortza eskasa duten esparruetan. Larrialdiak pasatzen dira, baina  ez bazaie horien eragin ezberdinei aurre egiten,  bereizkeria are gehiago handituko da. Inork ezin dio bakarrik eutsi bere buruari, interdependenteak eta zaurgarriak gara, eta horregatik, zaintzarekin lotutako lanak funtsezkoak dira bizitzari eusteko. Krisi honek are ageriago uzten du zein garrantzitsua den bizitzak erdigunean jartzea eta paradigma aldatzea, bizitzak eta horien jasangarritasuna lehentasuna izan daitezen.

 

Horregatik guztiagatik, toki-erakunde garen aldetik, HONAKO KONPROMISO HAUEK adierazi nahi ditugu:

  • Agerian uztea zaintza-lanen sarea, horiek ahalbidetzen baitute bizitzaren jasangarritasuna. Hau da, jakitun izatea lan produktiboen atzean zaintza-lanak eta lan erreproduktiboa kateatzea beharrezkoa dela, horiek ahalbidetzen baitute egunero lan-merkatuan aritu ahal izatea. Alde ikusezin hori aintzat hartu behar da, eta euskarri bat eman behar zaio.
  • Agerian jartzea eta balioestea emakumeek egiten dituztela ezinbesteko lan ordaindu zein ordaindu gabeko horien gehiengoa, kasuen % 75 baino gehiagoan.
  • Bizitzaren jasangarritasuna politiken eta gure antolaketa-sistemaren erdigunean jartzea eta gaur egungo eredua ordeztea.
  • Herritarrak sentsibilizatzea familietan zaintza-lanak bana daitezen eta erantzunkidetasuna egon dadin. Pertsonen bizitzak eta bizirik jarraitzeko behar dugun ingurune naturala aintzat hartuko dituen eredu bat bultzatzea, unibertsaltasun eta berezitasun printzipioekin bat.
  • “Ongi bizitzea” sustatzea, hau da, pertsona guztiok edukitzea bizitzea merezi duten bizitza duinak (ez inoren bizkar, ezta baliabide naturalak agortuz ere).
  • Aitortzea mugimendu feministak bere borroka, eskaera eta ekarpenetan egindako lana.
  • Tokian-tokian konpromiso sendoa erakustea lan-ildo hau agenda politikoan lehentasunezkotzat mantendu dadin, eta bermatzea genero-ikuspegia txertatuko dela COVID-19ak eragindako krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari erantzuteko egiten diren plan eta estrategietan.