Nafarroako udalerria, Aranatzen. Iruñeko merindadea. Iparraldean, Aralarko mendizerra, ekialdean Lakuntza eta Arakil, hegoaldean Ergoiena eta mendebaldean Etxarri Aranatz ditu mugakide. Haren lurrak iparretik hegoaldera luzatzen dira, Aralar menditik Satrustegi mendilerroko Berianen magaletaraino. Arakil ibaia gurutzatzen den tokian, mehargune bat egiten du, herriaren mugapea erdibitu antzera egiten duena. 493 metrotan dago hirigunea, eta Leziza ibaiak zeharkatzen du hegoaldetik iparralderantz, Arakil ibaira bidean. 14,3 km2-ko azalera du. Geologiaren aldetik, behe kretazikoan eratua da, salbu eta ibarreko alde baxuenean dauden laugarren aroko uholde-jalkinak, Arakil ibaiak bide egiten duen tokian. Klima subatlantikoa du, eta landaretza nagusia haritz, pago eta gaztainez osaturiko basoa da. Herriaren zati handiena arbola eta basoak hartua da (1.049 H.a.); belardi eta larreak askoz gutxiago dira (233 H.a) eta orobat soroak (261 H.a).

herria

Hiri Nagusietara Distantziak:
•Iruña >> 39 km
•Gasteiz >> 57 km
•Donosti >> 80 km
•Bilbo >> 118 km
•Baiona >> 132 km