Artabakargo trikuharria

Historiaurreari dagokionez, jakina da zer aberastasun handia duen Aralarrek megalitismoari dagokionez. Gure herriaren dermioan, Aralar aldeko basoan, duela milaka urteko lehen gizaki haiek egindako bi trikuharri lokalizaturik daude, Artabakargoa eta Fagatxabalgoa, eta artzainen kulturaren aztarnak ere nabariak dira zenbait tokitan.

Arbizu Aranazko Lurraren parte zen XIII. mendean. Goi Erdi Aroan Aranazko lurretan herri ugari zeuden eta horien artean Araña, Maiza, Arrospide, Mundiñano eta Sarria, gaur egun Arbizuko dermioa den lurretan kokatzen ziren. Herri horiek izandako akaberaren inguruan arrazoi franko badago ere, aipatu daitekeen bat da Nafarroa eta Gaztelaren arteko mugan kokaturik egotea, Burunda, Aranaz eta Arakilgo lur guztiak bezala. Gaztelak Araba eta Gipuzkoako lurraldeak bereganatu zituenean, 1.200. urtean, segurtasun falta ikaragarria sortu zen, bi probintzia horietatik etengabe etortzen baitziren erasoak; horren ondorioz herrixka haiek elkartzera jotzea beste biderik ez zuten izan, erregeak eskainitako pribilegioez baliatuz edo harresiak eraikiz. Zenbaitek dioenez, Arrospide eta Arañako bizilagunak Arbizura jeitsi ziren, eta Mundiñano eta Maizakoak berriz Etxarrira.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

P1080806-1

XVI. mendean Hiria izateko mesedea bereganatu zuen, eta alkatez Aranaztik bereizi zen. XVIII. mendean, XIX.aren erdiraino ere bai, hiriak alkate bat zuen, auzokoek aukeratua eta erregeordeari proposatua izenda zezan; erregidoreak ere baziren, urtero kargua uzten zutenak. Aralarko Lurraren batasunak edo elkarteak, halere, 1882. urtera arte iraun zuen, eta orduan desagertu eta kide zituen herriak banatu ziren (Etxarri Aranatz, Lizarraga, Dorrau, Unanu eta Arbizu). Oroitzapen historikoa besterik ez zen gelditu.

arbizu erreta 2

Independentzia gerran kalte handiak jasan zituen; batez ere Gasteizko batailaren ondoren (1813), frantsesek garaituak izan eta etxerako bidean erretiradan zihoazela aurkitu zuten guztia sarraskitu zutenean. Mende haren erdialdean oraindik ikus zitezkeen hondamendiaren arrastoak, Madozen hiztegian esaten baita 45 etxe ikusten zirela errerik garai hartan. Hiztegi horrexek ematen dizkigu datuak orduko nekazaritzaren produkzioaz: simaurra eta orbel usteldua ibiltzen omen zituzten ongarritako; garia, garagarra, oloa, artoa, babak eta babazuria etortzen omen ziren; bai eta kalitate oneko kalamu eta lihoa, eltzekariak eta frutak ere. Behi, zerri, zaldi, ardi eta ahuntz azienda izaten zen. Ehiza ere bai: erbiak, untxiak eta eperrak, eta arrantza: ibaietako amuarrainak eta barboak. Industria gisa bi irin errota zeuden, bi ola, erreka bateko urak ibiliak, soilik irailetik apirilera aritzen zirenak, eta oihal arruntak egiteko bi ehundegi. 1860an teileria bat ere bazen. Urte hartan 783 biztanle zituen.

Data gogoangarri batzuk:

1268: Arbiçu hitza lehenengo aldiz idatzirik azaltzen da.
1350: Aruiçu izenez ere azaltzen da.
1442: Izurritea zela eta gaixoak Maiza herri desagertura eramaten dituzte.
1512: Uztailaren 23an, Olivaresko kondedukea Nafarroa inbadituko zuen armadarekin pasatzen da.
1568: 44 etxe eta borda erretzen dira, datuen arabera; 60 biztanle inguru bizi ziren. XVII. mendean eliza eraikitzen da.
1792: Ermita jasotzen da.
1813: Uztailean Frantziako ejertzitoak herria erretzen du.
1829: 94 etxe zeuden.
1831-33: Bide berria egiten da.
1854-55: Izurritearengatik hildako gaixoak San Juan ermita ondoan lurperatzen dituzte.
1855: Urbasa-Andiako eskubideak onartzen dira.
1859-65: Trenbidea irekitzen da.
1860: 783 biztanle zituen eta 100 etxe zeuden.
1882: Aranazko Komunitatea desagertu egiten da.
1896: Arturo Kanpionek Arbizuko hizkeraz eginiko kontakizun bat jasotzen du.
1900: Ezkiete, Askalats eta Harratebeltzetan burdina ateratzeko meategiak egiten dira.
1939: Lakuntzak Arbizuri bien artean udaletxe bakar bat osatzeko proposamena luzatzen dio.
1954: Uhalde kalean etxe ilara erre zen.
1968: Lehen aldiz Argi-Bidea elkartea irekitzen da.
1972: Fernando Urkia karrikako 10 etxe erre ziren.
1983: Goiko kaleko 9 etxe erre ziren
2016: Hegazkin bat erori eta Goienkaleko 75. etxea behar lukeen baratzeko hormaren kontra jota hiru tripulatzaileak hil ziren.