Kirol ikastaroetan alderdi asko lantzen dira: batetik, kirolaren teknika eta taktikak; bestetik, kiroltasun baloreak transmititzen dira; osasuna hobetzen da; eta, azkenik, Sakana bezalako zonalde elebidunetan, ikasleen hizkuntza erabilera kontuan hartzen da.

Horrela, kirol jardueretan hizkuntzari emanen zaion trataera hobetzeak, kirol ikastaroaren kalitatea ere handituko du: euskara dakizuenei erabiltzeko aukera emanen zaizue, ikasten ari zaretenei praktikatzeko txoko berria irekiko dizue eta, ez dakitenen artean, euskararekiko interesa piztu, motibazioa handitu, esapide errazak ulertu eta hizkuntza honetara hurbiltzeko aukera gustagarria emanen die.

Horretarako, eta ikastaro bakoitzeko taldeen euskara ulermenari egokituta, kirol esperientzia hobea izaten lagundu nahi du Kirola Euskaraz egitasmoak. Gida honetan topatuko dituzu kirol monitoreak ikastaroan erabiliko dituen hizkuntza irizpideak, beti ere denon hizkuntza eskubideak errespetatuz.

KIROL IKASTAROETAKO HIZKUNTZA ERABAKITZEKO JARRAIBIDEAK

A talde tipologia: Ikasle guztiek ulertzen dute euskara
•Ikastaroa euskaraz izanen da.
•Ikasleei bakarka zuzentzean begiraleak beti errespetatuko du solaskidearen hizkuntza-aukera.

B talde tipologia: Ikasleen erdiak baino gehiagok ulertzen du euskara
•Ikastaroa nagusiki euskaraz izanen da.
•Begiraleak premiazkoa ikusten duenean, laburpena edo bakarkako azalpenak gaztelaniaz emanen dizkio euskaraz ongi ulertzen ez duenari.
•Ikasleei bakarka zuzentzean begiraleak beti errespetatuko du solaskidearen hizkuntza-aukera.

C talde tipologia: Ikasleen erdiak baino gutxiagok ulertzen du euskara
•Ikastaroa nagusiki gaztelaniaz izanen da, baina monitoreak euskarari sarbidea emanen dio (agurrak, animozko hitzak, zenbakiak eta horrelakoetan).
•Euskara ulertzen dutenei bakarka zuzentzean euskaraz eginen die monitoreak.

Zure ekarpena, iritzia edota balorazioa ezagutu nahi ditugu
• Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzua: 948 464 840 – euskara@sakana-mank.eus
• Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzua: 948 464 866 – kirolak@sakana-mank.eus