ARBIZUKO LIBURUTEGIAREN MEZUA, LIBURUAREN EGUNAREN HARIRA

Gaur apirilaren 23a da, Liburuaren Eguna. Zoritxarrez, ezin dugu ospatu ohi bezala, elkarrekin, liburuez hitz eginez, liburuak trukatuz edo oparituz, baina ospatzeko modu bat da pentsatzea eta konpartitzea zer diren guretako liburuak, zer den irakurtzea, eta zergatik duten balio berezia egoera honetan. Horretarako gonbidapena egin nahi dizuegu.

  • Barrura begira gaudela, kanpokoa ikusarazten diguten leihoak dira.
  • Gure begiez ikusten dugunetik harago iristen laguntzen diguten largabistak dira.
  • Irudimenaz eta pentsamenduz noranahi eta aske eramaten gaituzten bidaiak dira.
  • Protagonista bihurtzen gaituzten unibertsoak dira.
  • Mundua interpretatzeko ideiak eta teoriak deskubritzeko laborategiak dira.
  • Bat-batean txiki eta mugatua gelditu zaigun mundu honetan, mugak hausten dituzten kometak dira.
  • Jendea urrun sentitzen dugun honetan, lagun onak dira liburuak.

Ziur zuetako bakoitzak ere baduela horrelako definizio bat liburuentzat.

Liburutegiko liburuak banatzeko sistema segururen bat pentsatzen ibili gara, mugatua izanda ere. Baina badirudi goiz dela horretarako, eta hobe dela zuhurtziaz jokatu eta pazientzia pixka bat izatea, ea hemendik gutxira posible den. Bitartean, liburuak berrirakurtzeko une aproposa izan daiteke, edo liburu digitalak, entzutekoak eta abar deskubritzeko.  

Eta amaitzeko, proposamen bat. Arbizuko berrogeialdiaren liburua osatzeko asmoa dugu, bertan jasotzeko nola bizi dugun gertatzen ari den guztia. Liburu digital bat izanen da, eta denetarako tokia egonen da: liburu gomendioak, irakurritako pasarteak, ametsak, burutazioak, hitzak, irudiak, argazkiak, kantuak, marrazkiak, albisteak, errezetak, ipuinak… denak balio du!

Ekarpenak hona bidali: kultura@arbizu.eus

Liburuaren Egun ona izan! Eta gainerako egunak ere bai, noski.

Agurra, Castillo Suarezen poema batekin.

                                                              Zure liburuak

Liburu bat eman nahi nizuke nire paisaiak ezagutu ditzazun, nire koloreak, nire usainak.   Liburu bat eman nahi nizuke ikusi ditudan gauza berriak zuk ere ikus ditzazun. Berriak bezain maitagarriak batzuetan, berriak bezain mingarriak bertzeetan.   Liburu bat eman nahi nizuke, baina ezin, nire liburuak ez baitira zuretzat, niretzat bakarrik nahi ditut.   Eta zure hobe beharrez ari naiz nire liburuak eman nahi ez dizkizudanean, zuk zureak badituzulako, nonbait, zure zain.