1960ko martxoaren 21ean, Sharpeville-ko (Hegoafrika) udal-mugartean, Hegoafrikako erregimenaren poliziak tiro egin zuen apartheidaren legeen eta Gobernuaren aurka era baketsuan protestatzeko bildu ziren manifestarien aurka, eta 69 pertsona hil eta 180 zauritu zituen. Horregatik, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Arraza Diskriminazioa Desagerrarazteko Nazioarteko Egun deklaratu zuen egun hori, eta arraza-diskriminazioa eta apartheida desagerraraztera bideratutako ekintza-programak abian jartzeko eskatu zien estatu kideei.

Arrazakeriaren aurkako nazioarteko egunean, aspaldi egindako izugarrikeria asko aipa ditzakegu, eta gaur egun ikus dezakegunez ere, estatu eta pertsona talde batzuek ekintza arrazistak egiten jarraitzen dute, hala nola Israelgo Estatuak Palestinan, Marokok Sahara okupatuan, Txinak Tibeten eta Europak eta AEBek migrazio-politiken kasuan. Eta ez ditugu ahaztu behar errefuxiatuek Frantzian, Grezian eta Italian –besteak beste– beraientzako antolatutako eremuetan etengabe jasaten dituzten xenofobia-erasoak, migratzaileek Estatu espainoleko CIEetan jasotzen duten tratu txar arrazista nabarmena eta ijitoek oraindik ere jasaten duten tratua. Eraso hauek guztiak, herritarrak elkarrengandik urruntzeko erabiltzen diren hesi zein kontzertina, edota muga zein migrazio politiken inguruko nazioarteko itunen anparoan egiten direlarik, pertsonek mugitzeko eta asiloa eskatzeko duten eskubidea urratuz.

Arrazakeriaren teoriak ekintza justifikaezinak justifikatzeko zein diskriminazio-sistemarik gabe ezarri ezin izango ziren produkzio-ereduak, ekonomia-ereduak eta jendarte-ereduak erreproduzitu eta iraunarazteko erabili izan dira. Eta diskriminazioa, edonola ere, arrazoi argi bategatik dago: ezarritako gizarte-ordenari eusteko eta biztanle batzuei eskubide zibil, politiko, sozial, ekonomiko edo kulturalak ukatzeko.

Horregatik, eta zinez uste dugulako Euskal Herria gure herrian bizi den orok osatzen duela eta bertan bizi den orok egiten duela, EHBildu erakunde-politikak aldatzearen alde dago, baina balioak, jarrerak eta portaerak aldatzearen alde ere bai, eta balio, jarrera eta portaera berri horiek belaunaldiz belaunaldi erreproduzitu ez daitezen, kultur aniztasunean oinarrituta, pertsona orok baitu eskubidea segurtasun, osasun eta askatasunarekin bizitzeko, eta dagozkion bizi-baldintzak hobetzeko.

Hori dela-eta, arrazagatiko diskriminazioaren aurkako nazioarteko egunean indar handiagoz erantzun behar diegu, ahal bada, desberdinen arteko bizikidetza anitz eta askearen aurka egiten duten eraso politiko, lege-eraso, erakunde-eraso eta polizia-erasoei.