Hiru puntu nagusi tratatuko ditugu gaurko komunikazioan:

  1. OLATZEA
  2. AGOTZAINA
  3. MARTXOAN 2 HITZALDI
    OLATZEA: EUROPAKO PROGRAMA BATEN BARRUAN SARTU DA ZAHARTZARO AKTIBOAREN INGURUKO PROIEKTU PILOTU BEZALA.
  • AURREKARIAK:
    • Aurreko legealdian, 2018 hasieran, bi egoerak bat egin zuten: alde batetik, Sakanako herri batzuetan, eskualdean zahar etxe publiko bat zabaltzearen beharra ikusten genuen. Nafar Gobernuari bidali genion eskaria eta erantzuna zera izan zen: Nafarroan jada bazegoela nahiko plaza jada zeuden zahar etxeetan, nahiz eta plaza hoiek ez izan bakoitzaren eskualdean. Gainera, zahar etxe klasikoetatik haratago joatea zela etorkizuna, zahartzaroa tratatzeko beste formula batzuk aztertu behar zirela.
    • Besta aldetik, garai berdinean Europak, zahartzaro aktiboa bultzatzeko proiektuak garatzeko diru laguntzak atera zituen.
    • Hau hola, Sakanako Garapen Agentziak herri guztiekin bilera antolatu zuen gaia tratatzeko eta zein azpiegitura ditugun aztertzeko. Herri bakoitzak bere herrian egon zitezkeen eraikin, lur zoro eta abarrak jarri zituen mahai gainean proiektua garatzeko. Aukera guztien artean, Olatzea zela egokiena ikusi zen.
    • Hala, Europara dugun aukera bidali eta Olatzean proiektu pilotu bat garatzeko diru laguntzak onartu dira.
  • GOGOETA:
    • Udaletik, zahartzaro aktiboa bultzatzearen alde gaude. Zahartzaroak ez du pertsona anulatzen, gaixotasunak anula dezake pertsona, baina ez adinak. Adinarekin gorputzean eta ahalmen fisikoan aldaketak ematen dira eta aldaketok muga ez diren bitartean, pertsona bakoitzak bere bizia antolatu eta gidatzeko eskubidea bermatzearen aldekoak gara. Adindun asko bere burua zaintzeko gai dira, baina bakarrik bizi dira eta batzuentzat behintzat, bakardade hori zama bihurtzen da.
    • Egun Euskal Herrian ere badira esperientzia batzuk: pisu tutelatu edo/eta espazioa/lanak konpartituz bizi diren adindun taldeak. Bide interesgarria dela deritzogu.
    • Guzti honez gain, Olatzean, zoritxarrez, ez da ostalaritza proiektu sendorik gauzatu azken urte luzeotan eta itxita mantentzea herriyandako galera besterik ez da. Proiektu pilotu honekin eraikina mantentzeaz gain, alokairu bat jasoko dugu eta proiektu interesgarri baten parte izateko aukera dugu.
    • Proiektu honen gidatze ardura Nafar Gobernuarena izanen da Zerbitzu Sozialen eskutik.
  • HURRENGO PAUSOAK:
    • Proiektuaren nondik norako zehaztasunak finkatuko dira.
    • Apirilerako proiektu pilotuaren berri emanez bideo bat argitaratuko da.
    • Lan komunikatibo oso bat eginen da: Proiektuari buruzko hitzaldi eta aurkezpenak egonen dira, herritarrak informatu eta batez ere, adindunak animatu eta motibatzeko.
    • 2022eko udaberrirako Olatzean proiektu pilotua martxan egon beharko luke.

AGOTZAINA

  • Asteartean egindako bileran, Nafar Gobernuko txostenak eskatutako aldaketa eta hobekuntzak egiten hasi direla baieztatu genuen. 9 hilabetetako epea juxtu xamarra izanen dela komunikatu digute. Guk gure aldetik, jarraipen bilerak egiten jarraituko dugu prozesu osoa burutu arte.
  • Usainen izaera kimikoa aztertzeko, prozesu bati ekinen diote enpresan. Bertan behin zehaztuta, herriko estolda ezberdinetako usaina aztertuko da izaera berdina duten zehazteko.

MARTXOAN BI HITZALDI UDAL ARETO NAGUSIAN

  • MARTXOAREN 6an eguerdiko 12:00ean: Patxi Biskertek, bere azken proiektua aurkeztuko digu. Zehaztasunak deialdiaren kartelean izanen dituzue.
  • MARTXOAREN 20an eguerdiko 12:00ean: “Sugarren mende” ,Nafarroan eman zen sorgin heizaren inguruko lana, aurkeztuko dute. Aurkezpena egiten den bitartean, Asisko Urmeneta marrazkigilea, bere lan grafiko bat zuzenean egiten ikusi ahal izanen dugu.