• COVID 19: apirilaren 1etik hona, 53 lagun kutsatu dira herrian. Testuinguru honetan, haurrei ere tokatu zaie. Egun, Kattukako gela bat eta ikastolako gela itxita daude. Konfinatuta dauden haurrak gogoan, herritar batzuk liburutegiarekin batera, saretxo bat antolatzen ari dira 12 urte bitarteko gaztetxo eta haurrak ipuin-liburak jaso ditzaten etxeetan. Zeregin honetan jardun nahi duenak, bere izen eman dezake liburutegian. Zaintza lan komunitario honek ere, gure txalo beroenak jaso ditzala.
  • KUTXA BIRA: Pandemia garai honetan, euskara eta herri izaeraren aldarrikapenak lotuko dituen ekimen bat antolatu da Euskal Herri mailan. Korrikan testigua pasatzen den bezala eskuz esku, kasu honetan, kutxa bat pasatzen da herriz herri. Kutxan, Amets Arzaillusek idatzitako mezua doa eta herri batera iristean, aurreko herriko mezua atera eta irakurtzen da, ondoren kutxa dagoen herriko mezua sartuz. Ekimena Argentinan hasi zen, diasporaren eskutik, eta Seguran bukatuko da maiatzaren bukaeran. Guri kutxa, maiatzaren 7an iritsiko zaigu Altsasutik, arratsaldeko 19:00etan eta hurrengo goizean, Garesen entregatuko dugu. Kutxari harrera prestatzeko APIRILAK 30, ostiralean, BILERA IREKIA OSPATUKO DA UDALETXEKO PLENO GELAN arratsaldeko 18:00etan.
  • WHATSAPP TALDEA: “Arbizuko kontuak” deritzon whatsapp taldeak duen arrakasta halakoa izan da, zein herritar batzuk ezin duten taldean sartu topea jo duelako partaide kopuruan. Hori dela eta, UDAL KOMUNIKAZIOAK orain arte bezala, “Arbizuko kontutan” botatzeaz gain, talde horretan sartu ezin diren herritarrekin beste whatsapp talde bat eginen dugu, hauek ere, udal komunikazioak jasotzeko. Talde berri honetan, bakarrik UDAL KOMUNIKAZIOAK botako dira. Beraz, “Arbizuko kontutan” egon ez eta udal komunikazioak jaso nahi badituzu bidali whatsapp mezu bat 615952906 tlf zenbakira zure izenarekin eta talde berri horretan sartuko zaitugu. “Arbizuko kontutan” baldin bazaude, EZ DA BEHARREZKOA, talde horretan sartu ezin direnendako da talde berri hau.
  • ZINEGOTZI ALDAKETA: Zinegotzi bezala 6 urte egon ondoren, Monika Etxebarriak ardura utzi eta Xabi Asa-k beteko du bere tokia. Mila esker Monika egindako lan handanagatik eta ongi etorri Xabi udal taldera!