Arbizu, herri euskalduna UEMAko kide

Arbizuk 1.094 biztanle zituen 2009an. Horietatik 65 etorkinak ziren. Azken datuen arabera, 2001ean biztanleen 769 euskaldunak, 90 ia euskaldunak eta 68 erdaldunak ziren. Arbizu 1993tik da UEMAko kide. Handik urte batzuetara, 2001. urtean, Arbizuko Udalak Euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu zuen plenoan.
Arbizuko Udala Sakanako Euskara Mankomunitatearen kide ere bada, eskualdeko gainerako herriekin batera. Beraz, Euskara zerbitzua ere badu.

Arbizun martxan diren egitasmoak:
Euskalduntze eta alfabetatzeko laguntzak
Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren buzoia
“Guk abizena, zuk?” kanpaina
Sakanako Euskara mankomunitatearen plangintza

Hauek dira UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) martxan jartzearen oinarrizko arrazoiak:

Gune euskaldunetan euskararen erabilera arlo sozial guztietara zabaltzea eta udal euskaldun guztiekin euskara nagusi izango den lur-gunea antolatzea.

Udalerri euskaldunen eginkizuna garrantzi handikoa da euskararen normalizazio prozesuan. Euskarak, biziko bada, berez nagusi izango den lur-gunea behar du, eta hori nolabait gauzatuko litzateke udalerri euskaldunak batuko balira. Hau da, Euskal Herrian egoera minorizatuan badago ere, udalerri euskaldunetan euskara da nagusi eguneroko harreman arruntetan behintzat.

Udalerri euskaldunetan (euskaldunak %70etik gora) 200.000tik gora euskaldun bizi da eta hizkuntz planifikazio aurrerakoia egin daiteke udal euskaldunetan, normalizazio bidea erdaldunetan baino errazagoa delako. Izan ere, udal euskaldunetan berezko euskal sareek (familia, lagunartea, eskola, administrazioa, gizarte-zerbitzuak, lan mundua…) erraztu eta ahalbideratu egiten baitute euskararen erabilera.

http://www.uema.eus/